XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

HB baztertzeko Urralburuk egindako proposamena ez du onartuko UPNk

Alli zerrendaburuak alderdikeriatzat jo du PSN-PSOEren nahia

Hurrengo lau urteetan Nafarroan nork aginduko duen erabakitzea HBren esku egon ez dadin, gainerako alderdien artean hauteskunde aurretik paktu bat egitea proposatu zuen atzo Gabriel Urralburuk.

UPNk, ordea, ez du onartuko Alliren hitzetan alderdikeria den proposamena.

A.U. / IRUÑEA

Herri Batasunak, datozen lau urteetan Nafarroan nork aginduko duen erabakitzeko ahalmenik izan ez dezan, hauteskunde aurreko paktua egitea proposatu zien atzo Gabriel Urralburuk, PSN-PSOEko lehendakari nafarrak, gainerako alderdi politikoei.

Urralburuk proposaturiko paktuaren ondorioz, Parlamentuko alderdi politikoek ez lituzkete aintzat hartuko HBk lorturiko eskainuak.

Hots, HBren eskainuak kontutan hartzeke, Parlamentuan gehiengoa lortuko lukeen alderdiaren aldeko konpromezua nahi du PSN-PSOEk.

Hurrengo Nafarroako Gobernua HBren botoak erabakitzea onartezina da alderdi demokratikoentzat - Urralbururen hitzetan - , HBk bere baitan Nafarroarentzat gauza onik ez du nahi eta.

PSOE prest dago Parlamentuan boto gehien lortzen dituen alderdiaren lehendakarigaia onartzeko, kontuan HBren parlamentariak kanpoan utziz gero.

Lehendakari berak jarritako adibidearen arabera, UPNk 23 boto lortuko balitu Parlamentuan eta PSOEk 21 besterik ez guzira 50 eskainu dira, PSOE Juan Cruz Alli Gobernuko lehendakaria izan dadin ahaleginduko da.

UPNk, ordea, ez du Urralbururen proposamena onartzeko asmorik. Juan Cruz Alli EGUNKARIAri adierazi dionez, Urralburuk, HB baztertzeko nahia baino, interes partidistak ditu.

Alliren ustez, UPNk prozedimendu automatikoaz Iruñeko Gobernua eskuratu dezan eragoztea du xede.

Nafarroako Gobernuko lehendakaria aukeratzeko bozketetan, alderdi bakar batek ez badu, bi hilabeteren buruan, Parlamentuan gehiengoa lortzen, automatikoki boto gehien jaso dituen alderdiaren hautagaia da lehendakaria.

Sozialistek zortzi urtez agindu dute Nafarroan bide automatiko horri esker, baina oraingoan, sondeoen arabera, UPN izango da zerrenda botatuena.

Alliren hitzetan, Urralburuk bigarren bozketa erabatekoan nahi du bihurtu.

Gehiengoa kalkulatzeko HBren eskainuak kentzen badira, badaki PSNk erraz lor dezakeela gehiengo hori, IU, CDS eta EEren botoak, eta agian EArenak ere, izango dituelako.

Horrela guk ez genuke Gobernu automatikoa lortzeko aukerarik izango, zerrenda botatuena izan arren.

HB: indartsu gaudela dakite

Patxi Zabaleta Herri Batasunako zerrendaburuak PSN-PSOEren proposamena ezagutu ondoren, egindako adierazpenen arabera, Urralburuk Herri Batasuna indartsu dagoela ikusi duela ulertzen dugu.

Bere inkesten bidez, jakin du gure taldea indartsu dagoela eta Nafarroak duen alternatiba ezkertiar eta abertzale bakarra garela.

Zabaletak adierazi zuenez, Herri Batasuna ez da eskuineko politika egin duten PSOE eta UPNren arteko jokuetan sartuko.

Leitzarraren ustez, PSOE irrikitan dago UPNrekin duen akordioarekin segitzeko, agintea galtzeak izutzen du eta.

Horregatik dio beldur Herri Batasunari, gure botoak erabakiorrak izan daitezkeelako.

PSOE prest dago Parlamentuan botu gehien lortzen dituen alderdiaren lehendakarigaia onartzeko, kontuan HBren parlamentariak kanpoan utziz gero.

G. URRALBURU

Bere inkesten bidez, Urralburuk jakin du HB indartsu dagoela eta Nafarroak duen alternatiba ezkertiar eta abertzale bakarra garela.

P. ZABALETA

Gabriel Urralburuk Gobernuan jarraitzeko proposamen bat egin du.